2010-09-14

Principe de Asturias sariarekin desadostasuna

Aski jakina da kirol saileko Principe de Asturias saria Espainiako futbol selekzioak irabazi duela. Historia egin duen taldea dela esan eta heroi bezala tratatuak izan dira. Historia? Heroiak?

Ez diot espainiar konbinatuari meriturik kendu nahi, baina lau urtez behin jokatzen da futbol mundiala, beraz, lau urtez behin irabazten du talde batek derrigor. Ondorioz, 30 bat heroi dauzkagu lau urtez behin (jokalari eta teknikoak kontutan hartuta), mundiala jokatzen den bakoitzean. Heroiak, nire ustez, historia aldatzen dutenak dira, lehenago egin ez dena egiteko gai direnak.

Beste edozein urtetan, agian, ez nuke protestarik egingo, baina aurten desberdina da. Aurten inork egin ez duen zerbait lehendabizikoz egin duena dugu gure artean, eta tolosarra da: Edurne Pasaban; 8.000 metrotik gorako 14 mendiak igotzen lehen emakumea izan dena.

Futbola, futbola eta futbola. Betiko istorioa.

2010-09-02

Hasi eta bukatu

Irailaren 16ean hasten dugu ikasturtea, osteguna.

Bitxia iruditu zitzaidan ostegun batean hastea. Ostegunak ez dira, normalean, eginbeharrak hasteko egunak izaten, eginbeharrak bukatu eta aisialdia hasteko egunak baizik. Sarritan bukatu izan dut astea ostegunean, farmazia fakultatean ez baitzen normalean ostiralean eskolarik egoten.

Aurten, ordea, ostegunean hasi eta ostiralean amaitzen da lehen astea. Tolosan garagardo festa hasten den egunean amaitzen dira nire oporrak.

Ziurrenik, nire ikasle aroa amaituko duen ikasturtea hasiko dut hilaren 16ean. Bukaeraren hasiera da.