2010-05-29

Monorrail...

Aldez aurretik diot: hau ez da AHT bai/AHT ez eztabaida bat. Ez naiz alde batean edo bestean posizionatuko. Dena den, ingurugiro zientziak ikasita ezinezkoa da, gelakide eta irakasleak direla medio, azpiegitura polemiko honen inguruko berrietaz ez jabetzea.

Kontua da Zapateroren azken errekorteak direla eta AHTaren aurrekontua murriztu dela, hau da, merkeagoa egingo dutela. Honek bi galdera sortzen ditu nire buruan:

1. Nola egin behar dute merkeago? Zertan aurreztu behar dute dirua?
2. Proiektu berria segurua eta baliagarria dela onartuz (aurreztutako dirua modu egokian aurreztuta dagoela onartuz), zergatik ordaindu behar genuen gehiago hasierako proiektuarengatik, hau bestea bezain ona bada?

Estafatua sentitzen naiz.

Eta hitz pare okurritzen zaizkit: monorrail, monorrail...

2010-05-28

Zer da artea?



Benifacio, zure erantzunaren zain.

2010-05-21

Historia

Ohartzen ez bagara ere, historia idazten ari gara. Horretan oinarritzen da Nike etxearen azken iragarkia. Izan ere, gure ekintzek eragin zuzena dute munduaren norabidean, eta aldaketa txiki batek sekulako hondamendia eragin dezakeen bitartean, deskuidoan eginiko zerbaitek mundua salba dezake. Egunero egiten dugu historia, eta atzo modu nabarmen batean egin genuen, liburetan idazten den motakoa.

Gizakia munduaren epaile soila izan zen atzo arte. Sortua zena erabili, moldatu, zabaldu, moteldu eta deuseztatzen zuen. Adibide garbiak dira fauna eta flora, mikroorganismo eta bakterioak, birusak eta gizaki bera. Hala ere, sortua zenaren manipulazioa zen. Atzo, EEBBn, Craig Venterren lan taldeak bizia sortu zuela adierazi zuen, lehen zelula artifiziala. Gizakia, epailea izateaz gain, bizitza sortzaile bilakatu zen atzo.

Berri ona ala txarra? Kezkagarria batzuen ustez. Pozgarria beste batzuen ustez. Ohartu ez direnak ere egongo dira (gehienak, ziurrenik). Historiaren norabidea aldatu zen atzo. Nora eramano gaitu bide berri honek?

2010-05-20

Aurkezpena

Ordu erdi barru Ekologiako aurkezpena dut. PowerPointa irakurtzen ari naiz, baina alferrikako irakurketa horietakoa da; hitzak irakurtzen ditut, ez esaldiak, gutxiago testua. Urduri nagoela esan beharra daukat. Ez zait gustatzen aurkezpenak egitea. Egia esan, oso gutxi daude atsegin dutenak.

Denen aurrean zaudela, nola hasi? Badut lagun bat bertso batekin hasi ohi dena. Ez da nire estiloa. Ba al dut estilorik? Nori begiratu? Irakasleari begitaru eta bere aurpegian "ze tontakeri esaten ari da" irakur dezaket. Azkenean dena gonbitoen modura bota eta arnasa hartu. Amaitu eta "galderarik?" esan. Baxu samar, inork galderaren bat egin ez dezan. Dena den, beti daude galderak, eta batzuetan erantzunik ez. Horrelakoetan tonto aurpegia duzula iruditzen zaizu. Dena den, ziurrenik, kanpokoak ez daude arreta jartzen, tonto aurpegia baduzu ere ez dira ohartuko.

Zenbat buelta 10 minutu hitz egiteko.

2010-05-14

Xabier eta Unairekin Italian zehar

Asteazkenean azterketa daukat eta, lagunekin kafe bat hartzeko gogoa badut ere, etxean ikasten igaro beharko dut arratsaldea, ariketak egiten. Eskerrak aldamenean Xabier Usabiaga eta Unai Osa (gaur ez badago ere) ditudan, arratsaldea samurtzeko.

Beti gustatu izan zait txirrindularitza, zorroztasunez Frantziako Tourra bakarrik jarraitu badut ere. Dena den, azkenaldian nahi baino gehiagotan geratu behar izaten dut etxean, eta lasterketa gehiago ikusten ari naiz. Gainera, lagunekin Tropela egiteak (txirrindularitza porra, ezagun ez duzuenontzat) interesgarri egiten ditu berez interes handirik ez duten etapak.

Xabier Usabiagak, Xabier Euzkitzen bezala (baina neurri txikiagoan), euskal filologo frustratu sena duela iruditzen zait, baina gustatzen zait nola egiten duen narratzaile lana.

Italiako Giro polit baten aurrean egon gaitezkeela iruditzen zait, zaleentzako aproposa: mendi asko eta erlojuaren kontrako gutxi.

P.D.: bi sarrera egun berean... aurrekoaren gustu txarra kentzeko gogoa nuen.

P.D.2: bai, gaurko arratsaldea ez da oso probetxuzkoa izaten ari.

Negargarria



Negargarria iruditu zait. "Tirarle cacahuetes al mono" esatea bakarrik falta izan zaio.

Hau ez da berria. Adierazpen askatasunaren babesean errespetu falta eguneroko da gure pantailetan.Telezabor eta sentsazionalismoaktelebistaren programazioa betetzen du. Jar iezaiozue nahi duzuen izena: Sálvame (bere edozein bertsio), Deportes Cuatro, Punto Pelota, Física o Química, Gran Hermano, Supervivientes...

Morboaren bilaketa. Agian gure biziek emozio falta dute, eta telebistan bilatzen dugu emozio hori. Lagun batek dioen bezala, País de Chirigota.

2010-05-12

Pseudosozialismoa

Berrian irakurri ahal izan dudanez, Zapaterok defizit publikoa murrizteko neurriak plazaratu ditu gaur. Alde batetik, funtzionarioen soldaten murrizpenari ekingo dio ekainetik aurrera. Soldata jaitsieta %5ekoa izango da gutxienez, eta %15raino irits daiteke, soldata handitu ahala ehunekoa handituko baita.

Beste neurri bat 2011tik aurrera jaioberriei emandako dirulaguntza bertan behera uztea izango da.

Espainiar Estatuak gobernu sozialista zuela uste nuen; bitxia benetan neurri sozialak ezabatzen hastea. Zertarako? Defizit publikoa 2012rako %3 bat murrizteko. Dirudienez Europar Batasuna presioa eragiten ari da murrizpen hau nola edo hala bultzatzeko.

Agian Zapatero kikildu egin da Espainia Greziarekin alderatzen dituzten ahotsak entzutean. Makillajea erosi eta aurpegia azkar margotzen saiatuko da, ahal den moduan, Greziaren antza inork har ez diezaion.

Argi dagoena zera da, Espainian partiduen ardatza eskuinean dagoela: eskuindarrak (PSOE) eta ultraeskuindarrak (PP) daude.

2010-05-08

Zintzoa ala tontoa?

Non dago zintzoa eta tontoa izatearen arteko muga? Noiz bilakatzen da zintzoa tonto?

Bizitzan sarritan aurkitzen gara galdera hauen artean. Normalean, zintzotasunez mesederen bat egitea onartu eta, denbora apur bat pasatzean, tonto sentitzen gara, bestea geure buruaz aprobetxatzen ari dela iruditzen zaigu.

Gaur euskal derbia dugu Errealaren eta Real Unionen artean. Badago txuriurdinak irabazten utziko ote diren aipatu duenik nire inguruan. Gogoratzen dut partidu bat non Errealak Osasunari, honek lehen mailari eutsi ziezaion, irabazten utzi zion. Urte batzuk beranduago Sadarrera joan nintzen aitarekin Osasuna-Erreala ikustera. Osasuna Champions Leaguerako txartela lortzeko lehian zebilen, denboraldi zoragarri baten ostean, eta Erreala jaistear zen, azkenean salbatu bazen ere. Gorritxoek irabazi zuten partida hura (2-0). Ez nuen uste Osasuna partidu hartan irabazten utziko zenik, baina gorritxoen hainbat zale "¡A segunda, oe!" abesten entzuteak mindu ninduen (Indargorri taldeak Erreala animatu bazuen ere).

Hurrengo denboraldikoa aski ezaguna da; Osasunak ezer jokatu ez baina erdi hilik utzi zuen Erreala.

Irabazten utzi izan balitz ondo egongo al zen? Ez. Etikoa izan al zen irabazten utzi ez izana? Ezta ere. Sarritan horrelako egoeren aurrean aurkitzen gara bizitzan, non edozein aukera hartuta ere ezin duzun erabateko zuzenik hautatu.

Zintzoa ala tontoa? Ni tontoa sentitu nintzen egun hartan. Espero dut Errealak berriz horrelakorik ez sentiaraztea.

2010-05-05

Betaurrekoak

Ez dugu daukaguna baloratzen falta zaigun arte. Adibide garbiena osasunarena da. Katarroa badugu katarrorik gabeko egunekin gogoratzen gara, sukarra badugu kalera irten gaitezkeen egunekin eta haginetako mina dugunean purea jatera derrigortuta ez gaudenekin.

Hau objektu materialei ere aplika dakieke, argindarrak huts egin eta telebistarik gabe geratzen garen egunetan, esaterako. Beti eguneroko zerbaitekin gertatzen da.

Bada, astelehenean Gasteizerako autobusera igo (bertan ikasten dut) eta horrelako sentsazioa izan nuen. Izan ere, motxila ireki eta betaurrekoak ahaztu nituela ikusi nuen; lentillak ipini eta komunean ahaztu nituen, lentillen potetxo hutsaren alboan.

Egun osoa lentillekin egotera ohituta ez banago ere, azken egunetako euriak egoera erraztu du, aurreko asteko polenarekin begiak tomateak bezain gorriak izango bainituen. Dena den, desiratzen nago etxera joan eta nire betaurrekoak berriz ere sudur gainean somatzeko.

Hala ere, beste gauza batetaz ere ohartu naiz: lentilla/betaurreko/monokulo dependente izugarria naiz. Ni bezalakoak historiaurrean aspaldi hil ziren, selekzio naturala zela medio, zuloren batean erori edo lehoia katuarekin nahastuta.

2010-05-02

Lanetik ihesean

Lana leporaino. Beste igande arratsalde bat etxean. Gauzak egin bai, baina nahikoak al dira egindakoak? Datorren astean kontrol bat, hurrengoan beste bat, hurrengotik aurrera ekaineko pastela. Denbora gutxiago eta ikasi beharrekoak bere horretan, gehiegi murriztu gabe. Agian ikasgairen bat zuzenean irailerako uzteko garaia da, besteetako denbora gehiago izateko. Agian benetan ikasten hasteko garaia da, horrenbeste burutaziorik gabe (agian ez, ziur).

Ariketaren emaitza lortu ezinik eta dutxara joan naiz. Dutxatik irten eta zakurrak pixa egin du. Garbitu egin dut. Telebistan MotoGP jarri dut. Ariketaren emaitza lortu gabe jarraitzen dut. Blogean idazten ari naiz. Besterik liburuetatik ihes egiteko?