2010-06-30

Kaixo eta geroarte

Bizia asko alda daiteke ordu gutxitan. Hilabete guztiko begiradak joan zen astelehenean finkatzen ziren. Ekainak 28, azterketak bukatzen nituen eguna. Hala ere, aldaketa hori espero baino handiagoa dela ohartzen zara azterketa bukatu ondoren. Ez da soilik azterketen presioa edo egunero zer edo zer egin beharra aldatzen; irailetik hona zure egunerokoa izan dena aldatzen da.

Geroarte liburutegia, lanak, agenda eta kopistegia. Geroarte trena, autobusa eta Gasteiz. Geroarte presioa eta buruhausteak. Geroarte Linazasoro. Geroarte, Imanol ikasle.

Kaixo lasaitasuna eta eguzkia. Hondartza eta igerilekua. Kaixo ebakia izotzarekin eta garagardoa terrazeran. Kaixo udako praktikak. Herrietako festak. Tourra. Kaixo Mundo Deportivo eta fitxaketen zurrumurruak. Kaixo, oporretako Imanol.

Nire azken ikasle udara izan daitekeena hastear da.

2010-06-04

Kuadrilen Eguna 2010


Ibarrakoa banaiz ere, nire kuadrilaren gehiengoa Tolosakoa da (9 vs 5) eta bertan ospatzen dugu Kuadrilen Eguna. Aurtengo kartela kaleratu da, eta dotorea iruditu zait.

Berrikuntza, edo atzerakuntza (lehen ala egiten baitzen), bakarra da janaria bakoitzak etxetik ekarri beharko duela. Antolatzaileek diote modu honetara merkeagoa izango dela. Dena den, zalantza pare bat bururatzen zaizkit. Izan ere, janariarekin arduratu behar izan horrek tradizio den poteoa baldintzatuko du. Bestalde, kuadrila bakoitzak antolamendu maila ezberdina du, eta batzuek sekulako bazkaria antolatuko duten bitartean beste batzuk bokadillo batzuk hartuko dituzte, beraz, batzuek bazkaria ordu laurdenean amaitu eta besteak aperitiboa bukatu berriak izango dira. Ondorioztatuko zenuten bezala, ez naiz berrikuntza honen aldekoa. Hala ere, joan egingo naiz; ederki pasako dugu, edonola ere.

Azkenik, bazkaria Euskal Herri plazan izango da, eta ez azken bi urteetako Ferial-saunan. Erabaki ona. Ale, ikastera noa.