2010-09-14

Principe de Asturias sariarekin desadostasuna

Aski jakina da kirol saileko Principe de Asturias saria Espainiako futbol selekzioak irabazi duela. Historia egin duen taldea dela esan eta heroi bezala tratatuak izan dira. Historia? Heroiak?

Ez diot espainiar konbinatuari meriturik kendu nahi, baina lau urtez behin jokatzen da futbol mundiala, beraz, lau urtez behin irabazten du talde batek derrigor. Ondorioz, 30 bat heroi dauzkagu lau urtez behin (jokalari eta teknikoak kontutan hartuta), mundiala jokatzen den bakoitzean. Heroiak, nire ustez, historia aldatzen dutenak dira, lehenago egin ez dena egiteko gai direnak.

Beste edozein urtetan, agian, ez nuke protestarik egingo, baina aurten desberdina da. Aurten inork egin ez duen zerbait lehendabizikoz egin duena dugu gure artean, eta tolosarra da: Edurne Pasaban; 8.000 metrotik gorako 14 mendiak igotzen lehen emakumea izan dena.

Futbola, futbola eta futbola. Betiko istorioa.

2010-09-02

Hasi eta bukatu

Irailaren 16ean hasten dugu ikasturtea, osteguna.

Bitxia iruditu zitzaidan ostegun batean hastea. Ostegunak ez dira, normalean, eginbeharrak hasteko egunak izaten, eginbeharrak bukatu eta aisialdia hasteko egunak baizik. Sarritan bukatu izan dut astea ostegunean, farmazia fakultatean ez baitzen normalean ostiralean eskolarik egoten.

Aurten, ordea, ostegunean hasi eta ostiralean amaitzen da lehen astea. Tolosan garagardo festa hasten den egunean amaitzen dira nire oporrak.

Ziurrenik, nire ikasle aroa amaituko duen ikasturtea hasiko dut hilaren 16ean. Bukaeraren hasiera da.

2010-08-31

Aspaldiko partez

Aspaldian idatzi gabe.

Azkenekoz uztailaren 19an idatzi nuen, eta bihar iraila izango da, jada.

Udara ona izan da (edo izaten ari da, 16ra arte ez bainaiz Gasteizera itzuli behar).

Bukatu ez bada ere, bukatutzat har daiteke. Lagunek azterketak dituzte, goizetako planak amaitu dira, entrenamenduak atzo hasi ziren, datorren urteko hautazko ikasgaiak begiratzen ari naiz, blogean idazten ari naiz... "el pescado está vendido".

Ez gaizki ulertu; udara bukatzea ez da berri txarra niretzat. Denak du alde ona, aurkitzen asmatzea da gakoa.

2010-07-19

NBA 2K10

Aste honetan bukatzen ditut praktikak. Izan ere, lantokitik dokumentu bat jaso eta "copy paste" bat egitea besterik ez zait falta egin beharreko proiektua amaitzeko. Aste honetan ofizialki oporretan egon naiteke.

Oporretarako abandonatu samarra nuen PS2-erako joku bat erosi dut, NBA 2K10, saskibalioeko jokoa. 20€ besterik ez zuen balio, eta udaran jokatzeko interesgarria iruditu zitzaidan.

Harrituta geratu nintzen, jokoa orain dela 2 urteko NBA 2K8-ren berdina baita, aukera pare bat gehiagorekin.

Nire lagun batek dio PS2-ak ezin duela gehiago eman, hobekuntzak konsola berriagoeta sartzen dituztela.

Pixkat bat "estafatua" sentitzen naiz, 20€-ko aktualizazio bat erosi baitut.

Inbertsioa amortizatzera noa.

2010-07-10

Baloia, tronpetak, olagarroa eta futbola

Baten bat konturatu ez bada ere mundiala amaitzear da. Gaur gauean Alemania eta Uruguai 3. postuarengatik lehiatuko dira, eta bihar txapelduna izango dugu, Espainia eta Herbeeren arteko norgehiagokaren ostean.

Mundial honetako lehen protagonista Jabulani izan zen. Baloi madarikatua. Portero guztiak bildurtzen zituena. NASAk aztertu eta 72 km/h-ko abiadura hartzen badu aurresangaitz bilakatzen omen dena.

Jarraian vuvuzelak etorri ziren, hegoafrikarrek munduko birika indartsuenak dituztela frogatu zueten instrumentuak (?). Sasitronpeta hauek oso kritikatuak izan dira hedabideetan, kazetarien lana jasangaitz bilakatzen omen baitu. Dena den, udako parrandetan bat baino gehiago entzun beharko dugu, sirenadun bozgorailu horiek modan egon zirenean bezala.

Azken protagonista finalerdietan agertu zen: Paul olagarroa. Alemaniaren partiduen garailea asmatzen duen olagarroa. Espainiar estatuan ikusmira izugarria sortu duena (atzo zuzenean eman zuten Paulen predikzioa TVE, Cuatro eta TV3 kateek).

Edozer, agertu ez den protagonista garrantzitsuenaren hutsunea betetzeko: futbola. Aspaldi ikusi dudan txapelketarik kaxkarrena izan da. Oso talde gutxi egon dira aurreikuspenen gainetik, eta oso gutxik eman dute futbol maila altua. Defentsarako grina handitu da, ordenak eraso eta alaitasuna ordezkatuz eta, ondorioz, gol kopurua murriztuz (futbolaren saltsa).

2010-07-06

Amaitu da (aurtengoz)

Ikasturte gogorra izan da.

Aurreko ikasturtea amaitzear zela hartu nuen erabakia: Kimikako lizentziaturako lehen zikloa amaitzean Ingurugirorako bigarren ziklora sartzea. Ez nituen, hiru urte ondoren, karrera hasterakoan nituen interesak, eta aldatzea erabaki nuen, Ingurumen Zientziek erakarrita.

Gogorra izan zen. Lehenik eta behin, EHUko idazkari "atseginekin" borrokan. Informazio eske joan eta nik informatu behar izaten nituen, sarritan. Funtzionariek duten lan interes galera aztertzeko modukoa da.

Arazo gehiago ere egon ziren, adibidez, hautazko ikasgaiak aukeratzeko zerrendan azkena izatea (beste karrera batetik etortzeagatik) eta gainontzekoek utzitakoa hartu behar izatea. Gainera, aldaketa egiteak "heziketa osagarriak" egitera derrigortzen ninduen, hau da, lehen zikloko 6 ikasgai hartzera. Azken finean, kurtso t'erdi egin dudala esan daiteke, edo errepikatzaile gisa sartu nintzela Ingurumen Zientzietara. Gainera, Farmazia Fakultateko antolamendu "txapuzeroa" dela eta, ezin izan dut ikasgai batzuetara joan (beste batzuen ordu berean baitziren), eta "por libre" egin behar izan ditut, apunteak eskatuta.

Donostian ikasten nuen Kimika, eta Gasteizen ikasten dut Ingurugiroa, beraz, pertsonalki ere aldaketa handia izan da; etxetik at igarotako lehen urtea. Ezagutzen ez nituen bi pertsonekin bizitzera joatea erabaki nuen, tabloietako iragarkietaz baliatuta. Kasualitate itzelez, nire gelakideak ziren. Aberasgarria izan da.

Eta amaitu da. Kurtsoa amaitu da. Eman dizkidate emaitza guztiak eta espero baino hobeak izan direla esan dezaket. 6ko bat ateratzeak 8 edo 9ko batek baino poztasun handiagoa eman diezakezula esan dezaket. Ikasturte gogorra izan arren, gainditu dudala esan dezaket, eta urtebete soilik geratzen zaidala lizentziatzeko.

Pozik nago.

2010-07-05

Udako lana

Udako lanak beti izan ohi dira bereziak.

Nire lan esperientzia (nire esparruan, behinik behin) uztailera mugatzen da.

Hilabete hasieran lanean zer eta nola egin zehazteko komeriak dituzu. Jendearekin ere oraindik ez duzu konfidantza handirik.

Apurka apurka hobeto egiten duzu egin beharrekoa, eta lankideekin adiskidetasuna handitzen doa.

Erosotasun puntu hori amaiera gertu ikustearekin batzean egunak luze bilakatzen dira.

Aurten ez zait horrelakorik gertatuko, enkargu lana egingo dut, astero nagusiarekin bilduz. Nire ordutegi propioa izango dut eta sudur puntan jartzen zaidanean egingo dut lana, oraintxe erabiltzen ari naizen ordenagailutik. Bueno, bonito y barato. Baina batez ere barato, zentimo bat bera ere ez baitut ikusiko. Kurrikuluma betetzearren...

Lanean jarraitu beharko dut.