2010-07-06

Amaitu da (aurtengoz)

Ikasturte gogorra izan da.

Aurreko ikasturtea amaitzear zela hartu nuen erabakia: Kimikako lizentziaturako lehen zikloa amaitzean Ingurugirorako bigarren ziklora sartzea. Ez nituen, hiru urte ondoren, karrera hasterakoan nituen interesak, eta aldatzea erabaki nuen, Ingurumen Zientziek erakarrita.

Gogorra izan zen. Lehenik eta behin, EHUko idazkari "atseginekin" borrokan. Informazio eske joan eta nik informatu behar izaten nituen, sarritan. Funtzionariek duten lan interes galera aztertzeko modukoa da.

Arazo gehiago ere egon ziren, adibidez, hautazko ikasgaiak aukeratzeko zerrendan azkena izatea (beste karrera batetik etortzeagatik) eta gainontzekoek utzitakoa hartu behar izatea. Gainera, aldaketa egiteak "heziketa osagarriak" egitera derrigortzen ninduen, hau da, lehen zikloko 6 ikasgai hartzera. Azken finean, kurtso t'erdi egin dudala esan daiteke, edo errepikatzaile gisa sartu nintzela Ingurumen Zientzietara. Gainera, Farmazia Fakultateko antolamendu "txapuzeroa" dela eta, ezin izan dut ikasgai batzuetara joan (beste batzuen ordu berean baitziren), eta "por libre" egin behar izan ditut, apunteak eskatuta.

Donostian ikasten nuen Kimika, eta Gasteizen ikasten dut Ingurugiroa, beraz, pertsonalki ere aldaketa handia izan da; etxetik at igarotako lehen urtea. Ezagutzen ez nituen bi pertsonekin bizitzera joatea erabaki nuen, tabloietako iragarkietaz baliatuta. Kasualitate itzelez, nire gelakideak ziren. Aberasgarria izan da.

Eta amaitu da. Kurtsoa amaitu da. Eman dizkidate emaitza guztiak eta espero baino hobeak izan direla esan dezaket. 6ko bat ateratzeak 8 edo 9ko batek baino poztasun handiagoa eman diezakezula esan dezaket. Ikasturte gogorra izan arren, gainditu dudala esan dezaket, eta urtebete soilik geratzen zaidala lizentziatzeko.

Pozik nago.

No hay comentarios:

Publicar un comentario