2010-05-12

Pseudosozialismoa

Berrian irakurri ahal izan dudanez, Zapaterok defizit publikoa murrizteko neurriak plazaratu ditu gaur. Alde batetik, funtzionarioen soldaten murrizpenari ekingo dio ekainetik aurrera. Soldata jaitsieta %5ekoa izango da gutxienez, eta %15raino irits daiteke, soldata handitu ahala ehunekoa handituko baita.

Beste neurri bat 2011tik aurrera jaioberriei emandako dirulaguntza bertan behera uztea izango da.

Espainiar Estatuak gobernu sozialista zuela uste nuen; bitxia benetan neurri sozialak ezabatzen hastea. Zertarako? Defizit publikoa 2012rako %3 bat murrizteko. Dirudienez Europar Batasuna presioa eragiten ari da murrizpen hau nola edo hala bultzatzeko.

Agian Zapatero kikildu egin da Espainia Greziarekin alderatzen dituzten ahotsak entzutean. Makillajea erosi eta aurpegia azkar margotzen saiatuko da, ahal den moduan, Greziaren antza inork har ez diezaion.

Argi dagoena zera da, Espainian partiduen ardatza eskuinean dagoela: eskuindarrak (PSOE) eta ultraeskuindarrak (PP) daude.

1 comentario:

  1. Ez da erraza

    Zapaterok, oso aire atsekabetu batez: “Ez da erraza horrela mintzatu beharra herritarrei”. Krisia ukatzetik gaurdainoko bide luzea ere, ez zuen erraza izango. Ez zuen erraza izango ongizatea ukituko ez omen zuen politika baten aldeko diskurtsoari eustea, osti(kad)ak eskuinetik, ezkerretik, eta iparrorratzaren alde guztietatik zetozkion bitartean. Ez zuen erraza izango atzo no! zioen tokian orain to! esatea.

    Zapaterok, oso aire atsekabetu batez: “Berberak dira krisiaren sorrerarekin zerikusirik izan ez dutenak eta orain krisiaren ondorioak sufritzen ari direnak”. Berberak dira, bai, baina hartutako neurriek eta egingo diren mozketek krisia sufritzen ari direnak zigortuko dituzte, atzo iragarritako neurrietan ez baitago bakar bat ere krisia eragin zutenen kontra, ezta errenta altuenei eragiten dionik ere.

    Ez, ez, da erraza izango horrela mintzatu beharra herritarrei. Ezta aurpegira begiratzea ere.


    HITZ BESTE, Anjel Lertxundi

    ResponderEliminar