2010-05-05

Betaurrekoak

Ez dugu daukaguna baloratzen falta zaigun arte. Adibide garbiena osasunarena da. Katarroa badugu katarrorik gabeko egunekin gogoratzen gara, sukarra badugu kalera irten gaitezkeen egunekin eta haginetako mina dugunean purea jatera derrigortuta ez gaudenekin.

Hau objektu materialei ere aplika dakieke, argindarrak huts egin eta telebistarik gabe geratzen garen egunetan, esaterako. Beti eguneroko zerbaitekin gertatzen da.

Bada, astelehenean Gasteizerako autobusera igo (bertan ikasten dut) eta horrelako sentsazioa izan nuen. Izan ere, motxila ireki eta betaurrekoak ahaztu nituela ikusi nuen; lentillak ipini eta komunean ahaztu nituen, lentillen potetxo hutsaren alboan.

Egun osoa lentillekin egotera ohituta ez banago ere, azken egunetako euriak egoera erraztu du, aurreko asteko polenarekin begiak tomateak bezain gorriak izango bainituen. Dena den, desiratzen nago etxera joan eta nire betaurrekoak berriz ere sudur gainean somatzeko.

Hala ere, beste gauza batetaz ere ohartu naiz: lentilla/betaurreko/monokulo dependente izugarria naiz. Ni bezalakoak historiaurrean aspaldi hil ziren, selekzio naturala zela medio, zuloren batean erori edo lehoia katuarekin nahastuta.

No hay comentarios:

Publicar un comentario